XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta sukaldetik aldegin zuen.

Ez zuen nik laguntzerik nahi izan.

Ate ondoan lehen berak utzitako urritz-makila hartuta, zakurra ondotik zuela urrundu zen, gaueko ilunpeak pixkanaka-pixkanaka irensten zuelarik pausorik pauso.

Ordurako horma *horma: izotz lodia botatzen hasia zen, eta kris-krask ederki entzuten zen Joxixiok abarkekin belar punta izoztuak zapaltzen zituen bakoitzean.

Olentzero-gau hura niretzat ere tristea izan zen.

Joxixiok eraman zizkidan berekin nire barruko poz pixarrak.

- Gizon hori ez dago ongi -zioen Perpetua nire emazteak atea ixten nuen bitartean.

- Eta nik zer nahi duzu egitea?

Saiatzen naiz, baina oso itxita dago berean eta ez du biderik errazten.

Biharamunean Eguberri.

Jai handia.

Joxixiok, goizetik hasita lan asko izaten zuen eguna.

Ardiak jeizteaz gain, beti berandu dabiltzan horiei arkumea hil, garbitu, larruak xukatzen jarri...

Eta egun horretan dexente zituen gainera arkume bila joatekoak.

Eguna argitzerako haren bordan nintzen, laguntzera joan nintzaion.

Gau osoan ez nuen begirik itxi kezkaren kezkaz eta berekin egon nahi nuen ahal nuen guztian.

Hantxe ari zen ardi marruen artean arkumea zintzilik zuela.

Lepoan eginik zion zulo txikitik ixurtzen zen odola ontzi batera biltzen ari zen.

- Egun on, Joxixio!

Asko al dituzu gaurko!

- Bakarren batzuk.

Badakik, betikoak.

Azkena akordatzen dituk, eta gainera ederrena nahi.

Ardiak isilerazi nituen pixkat gobernatuz, eta arkume-larruak zabaltzen aritu nintzen, behar bezala xuka zitezen, horiekin sos batzuk bada ere hartu ahal izateko uda parteko egun idorretan.